Interpretatio graeca

Isis jainkosak Io greziar heroiari Egiptora ongietorria eginez, Ponpeiako mural bat

Interpretatio graeca (euskaraz, greziar interpretazio) Antzinako Greziako idazleak atzerritar jainko-jainkosak bere panteoiko jainko-jainkosekin parekatzeko ohitura adierazten duen latinezko esapidea da. Herodotok, adibidez, Amon, Osiris eta Ptah egiptoar jainkoak aipatzeko «Zeus», «Dioniso» eta «Hefesto» erabiltzen zituen.

Diskurtso[1] honen erromatar baliokideak interpretatio romana zuen izena. Lehendabizikoz Tazitok Germania liburuan erabili zuen (43. kap.), Naharvali germaniar herriaren baso sakratuan zegoen santutegiko errituak deskribatu zituenean. Santutegi hori Alcis jainko bikiei eskainita zegoen, eta historialariak, bere erromatar irakurleek hobeto uler zezaten, Alcis jainko bikiak Erroman gurtzen zituzten Kastor eta Polux greziar jainkoekin parekatu zituen.

Honela deskribatu zuen gurtza erritua:

« «Praesidet sacerdos muliebri ornatu, sed deos interpretatione romana Castorem Pollucemque memorant»
Emakumezko arropak dituen emakume apaiz batek zuzentzen du, baina erromatar interpretazioan, Kastor eta Polux gurtzen dituzte
»


Grezian eta Erroman oso hedatuta zegoen, atzerriko jainko eta jainkosak beren jainko eta jainkosekin parekatzeko eta haien bidez identifikatzeko ohitura. Erromatar probintzietan, konkistaren ondoren, askotan, jainko erromatarrak bertakoekin nahastu ziren identifikazio horri esker, eta, batzuetan, bertako jainkoen ezaugarri batzuk erromatar izena zuten jainkoei atxikitzen zitzaien. Dena den, batzuen eta besteen jainkoak ez ziren erabat baliokideak, eta horregatik, "atzerritarren" jainkoak, erromatar jainko bat baino gehiagorekin identifika zitekeen. Batzuetan, epigrafeetan ikus ditzakegu erromatar jainko izenak, eta epiteto bezala, bertako jainkoaren izena. Akitaniako epigrafeetako batean, adibidez, Herculi Illuno Andose (Herkules Ilun Andots(?) jainkoari) eskainita dago.

Ohikoa zen, gainera, bertako jainko edo jainkoei, erromatar jainko edo jainkosa baten ezaugarri batzuk esleitzea eta haren ikonografiaz irudikatzea. Hori gertatu zen, adibidez, Bandue lusitaniar jainkosarekin.[2]

Azkenik, aipatzekoa da interpretatio horiei esker, aurretik jainko indigena bati eskainita zeuden tenplu batzuk erromatar jainko jakin bati eskianita egotera pasa zien. Hori geratuta zen Galian; Lug jainkoaren leku sakratuak, Merkurio jainko erromatarraren santutegiak bilakatu ziren.[3]

  1. Smith, Mark S.. (2008, 2010). God in Translation: Deities in Cross-Cultural Discourse in the Biblical World. Wm. B. Eerdmans, 246 or..
  2. (Gaztelaniaz) Muñoz, Virginia. (2005). «La "interpretatio romana" del dios prerromano "Bandue"» Veleia (22)  doi:10.1387/veleia.3258. ISSN 2444-3565. (kontsulta data: 2025-06-22).
  3. Argantonios. (martes, 11 de enero de 2011). «La Iberia Mágica: Posible templo a Mercurio -Lug- en Termancia, Montejo de Tiermes» La Iberia Mágica (kontsulta data: 2025-06-22).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne